Ohiko galderak
Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria garapenerako lankidetzaren arloan gardentasuna, harmonizazioa eta koordinazioa sustatu nahi dituen erakunde arteko ekimen bat da.
Ekimen honek euskal lankidetzaren informazio sistemak hobetzeko, egindako jardueren inguruko informazioa harmonizatzeko, kontuak emateko, analisi eta ikerketak errazteko, erakundeen arteko koordinazioa sustatzeko eta ebaluazioaren kultura bultzatzeko balio du.
Tresna hau 2014az geroztik aritu da informazio baliagarria eskaintzen.
Hauek dira Euskal Lankidetza Publikoren Atariaren sustatzaileak: Eusko Jaurlaritza / eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak; Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalak eta Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkartea.
Ekimenak hasieratik jaso du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hegoa Institutuaren laguntza.
Atarian biltzen dira garapenerako lankidetzara bideratutako funts publikoen gehiengoa (autonomia erkidegokoak, foru aldundietakoak zein udalerrietakoak). Hala ere, ez ditu barne zenbait erakunde publikok kudeatutako aurrekontuak, batez ere udal erakundeenak. Esparru horretan, hiru hiriburuen funtsak eta Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkarteak bideratutako funtsak jasotzen ditu.
GGKEen kasuan, garapenerako lankidetzako ekimenak kudeatzeko erakunde bideratzaile nagusiak izanda, kontuan hartu behar da, ekarpen publikoekin batera jatorri pribatuko funts propioak ere kudeatzen dituztela. Funts horiek ez dira Atarian jasotzen, baina euskal elkartasunari ekarpen handia egiten diote.
2015. urtean, erakundeen informazio eta komunikazio sistemen azterketa egin ondoren, tresna honen diseinua planteatu zen, Hegoa Institutuko (UPV/EHU) Garapen eta Lankidetzarako Politiken Koherentziari buruzko Ikerketa Taldearekin lankidetzan.
2016an eta 2017an zehar, Atariaren parte diren erakunde publikoen finantzaketari esker, hura garatzen hasi ziren. 2018an, hasierako karga bat egin zen 2014-2017 aldiko datuekin eta tresna jendaurrean aurkeztu zen.
Atariaren aurkezpen horretatik aurrera, erakunde parte hartzaileek urtero prestatzen dute eta Hegoari helarazten diote dagokion ekitaldiari buruzko informazioa. Hegoak koordinatzen ditu sarrerako datuen balioztatzea eta datu basearen, grafikoen eta taulen eguneraketa. Gainera, 2020ko ekitalditik aurrera, urteko txosten bat egiten da euskal lankidetza publikoaren datu nagusiak laburbiltzeko.
Atariaren helburua gardentasuna sustatzea da, eta ez da inolako erregistrorik eskatzen bilaketa sistematik datuak atzitzeko eta txostenak deskargatzeko. Hau da, interesa duen edozein pertsona sar daiteke atarira eta bertan erabilgarri dagoen informazioa kontsultatu.
Atariaren bidez lortutako datuen jatorria informazio publikoa da eta datuok baliagarriak dira, batez ere, ezaguera, ikerketa, prestakuntza eta dibulgazio helburuetarako.
Informazioa euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen da eta hiru atal nagusiren inguruan antolatzen da: Erakundeak, Proiektuak eta Grafiko eta analisiak.
Hiru atal horiek informazio hau eskaintzen dute:
- Erakundeak atalean erakunde bakoitzak bere orrialdea du eta orrialde horretan ageri da erakunde bakoitzaren alderdi hauen inguruko informazio harmonizatua: plangintza, partaidetza eta kudeaketarako tresnak, politiken koherentzia, kontuak ematea, ikerketa eta urte bakoitzeko informazio ekonomikoa (aurrekontua eta gastua modalitatearen arabera).
Atalak erakundeen webguneetarako estekak eskaintzen ditu, informazio hori guztia zabaldu ahal izateko.
- Grafikoak eta analisiak atalean informazioa taula eta grafiko formatuan ematen da. Aurretiaz ezarritako bilaketa terminoak eta aztertu nahi diren erakundeak hauta daitezke.
Grafikoak eta beren datuak deskargatzeko modukoak dira eta bilaketa ohikoenak eta praktikoenak islatzen dituzte, ekimenak modalitateen, esparru geografikoen, sektoreen, erakunde bideratzaileen eta abarren arabera multzokatuz.
- Proiektuak atalean erakundeek bultzatutako ekintzen bilaketak egin eta iragaz daitezke. Bilaketa terminoak zenbait irizpideren arabera definitu daitezke (herrialdea, modalitatea, sektorea, etab.) eta egindako hautaketa deskargatzeko aukera ere badago.
Horiez gain, Deskargak atala eta beste atal osagarri batzuk daude, hala nola Ohiko galderak, Kontsultak egiteko formularioa eta Glosarioa. Azken honetan azaltzen da zehatz-mehatz Atariaren eremu bakoitzean baliatu diren terminologia eta sailkapenak (glosariora sartzeko, Atariaren zenbait tokitan ageri den «i» ikonoa sakatu behar da).
Atariak ekimen bakoitzaren oinarrizko datuak eskaintzen ditu (aurrekontua, erakunde bideratzailea, tokiko bazkidea eta modalitatea, besteak beste). Proiektuen garapenari buruzko funtsezko informazio xehatua lortzeko (lorpenak, erronkak, aurrerapena, garapen eta errendimendu adierazleen betetzea, ebaluazioak, etab.) interesdunek harremanetan jarri beharko dute erakunde finantzatzaileekin, kasuaren arabera.
Tresna honek erakundeekin harremanetan jartzeko datuak eta erakunde bideratzaileei eta tokiko bazkideei buruzko informazioa eskaintzen ditu. Xehetasun gehiago ezagutzeko, eskaerak egiteko edo lankidetza aukerak planteatzeko, kasuko erakundearekin harremanetan jarri beharko dira interesdunak zuzenean.
Proiektuen atalean, iragazki hauen araberako bilaketak egiteko aukera dago: urtea (aktiboa, konpromisoa eta/edo ordainketak), herrialdea, modalitatea, instrumentua eta DAC sektorea, erakunde finantzatzailea, erakunde bideratzailea eta tokiko bazkidea. Era berean, proiektu zehatzak aurki daitezke izenburuan edo deskribapenean hitza(k) bilatzeko aukera ematen duten eremuen bitartez.
Bilaketen emaitza kontsultarako zerrenda bat izango da eta .csv formatuan ere deskarga daiteke (ondoren Excel, Calc edo bestelako programa batzuekin landu ahal izateko).
Bestalde, deskargen atalean ekimenen zerrenda osoak lortu daitezke, erakunde eta urtearen arabera, .csv formatuan baita ere.
Erakunde bideratzaileak dira ekintza zuzenean egikaritzeko funtsak kudeatzen dituztenak, edo funts horiek tokiko bazkidea den erakunde bati transferitzen dizkiotenak.
Erakundeok honela sailkatuta ageri dira Atarian: sektore publikoa, GGKEa eta sozietate zibileko erakundeak; garapenerako lankidetza publiko-pribatua eta sareak; garapenerako erakunde aldeaniztunak; unibertsitate, ikastetxe eta bestelako irakaskuntza erakundeak, ikerketa institutuak edo think tankak; sektore pribatuko erakundeak; etab.
«Erakunde bideratzaile eta tokiko erakundeen araberako ordainketak» grafikoan ageri dira erakunde bideratzaile jakin batek, urte batean zehar, kudeatu dituen euskal jatorri publikoko zenbatekoak. Erakunde bideratzaile bakoitzaren proiektuen zerrenda kontsultatzeko Atariko proiektuen bilatzailea ere erabil daiteke.
Tokiko erakunde bazkideek helmugako herrialdean lan egiten dute, euskal lankidetzaren arloko beste eragile batzuekin lankidetzan.
Honela sailkatu dira: tokiko GKEa, tokiko erakunde publikoa eta beste tokiko erakunde pribatu batzuk.
«Erakunde bideratzaile eta tokiko erakundeen araberako ordainketak» grafikoan ageri dira tokiko erakunde bazkide jakin baten partaidetza izan duten proiektuetan ordaindutako funtsak. Kasu honetan, herrialde bat hauta daiteke bilaketa errazteko. Tokiko bazkide bakoitzaren proiektuen zerrenda kontsultatzeko Atariko proiektuen bilatzailea ere erabil daiteke.
Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkarteak gainerako erakundeen bestelako tratamendua du Atarian, izan ere, ez da erakunde finantzatzaile bat; aitzitik, beste erakunde publiko batzuen ekarpenak jasotzen dituen erakunde bat da, eta euskal lankidetzari laguntzeko eta hura koordinatzeko eginkizunak ditu.
Atariak Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkarteari buruzko informazio hau eskaintzen du: erakundearen fitxa erakundeen atalean, urtez urte egindako proiektuen informazio xehatua deskargen atalean, eta proiektuen atalean iragazi daitekeen bere jarduerei buruzko informazioa. Iragazketa hori egiteko Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkartea hautatu behar da erakunde bideratzaile gisa.
Atarian parte hartzen duten erakunde publikoei, beren ezaugarriei, instrumentuei eta abarri buruzko informazioa zabaldu nahi izatekotan, Erakundeak atalean daude, batetik, horri buruzko informazioa eta, bestetik, erakunde bakoitzaren webgunerako estekak.
Aldiz, lortu nahi den informazio osagarria deialdiei, dirulaguntzei, lan aukerei, praktikaldiei, bekei, planei, ekimen aktiboei edo antzeko alderdiei buruzkoa bada, harremanetan jarri beharko da zuzenean dagokion lankidetzako erakundearekin, erakunde bakoitzaren webguneko harremanetarako formularioaren bidez.
Atariaren funtzionamenduari, edukiei eta datuei buruzko informazio gehiago behar bada, harremanetarako formularioa erabil daiteke.