Euskal erakundeek 91 milioi eurotik gora bideratu zituzten 2025ean lankidetzara eta elkartasunera
Euskal erakunde publikoek 91.671.189 euro bideratu zituzten 2025ean garapenerako lankidetzara. Diru horrekin 1.278 proiektu eta ekimen finantzatu zituzten, Euskadin ez ezik, beste 68 herrialdetan ere garatutakoak. Ekimen horiek 242 erakundek kudeatu zituzten, gehienak euskal GGKEak. Lagundutako lurraldeetako 374 gizarte erakundek gauzatu zituzten, tokiko erakundeek batez ere. Datu horiek guztiak Euskal Lankidetza Zenbakitan 2025 txostenean bildu dira, eta Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian argitaratu da.
Nabarmentzeko zenbait datu
Eskualdeka aztertuta, Latinoamerikak eta Karibeak jaso zuten, beste urte batez, euskal lankidetza publikoaren funtsen zatirik handiena. Haien atzetik kokatu zen Saharaz hegoaldeko Afrika. Bi eremu horiek dira, beraz, euskal erakundeen jardun geografikoaren ardatz nagusiak.
Herrialdeei dagokienez, Guatemala, El Salvador, Kolonbia eta Peru izan ziren berriro ere euskal erakundeek bideratutako baliabideen hartzaile nagusietako batzuk. Palestinak ere toki nabarmena izan zuen, euskal gizarteak palestinar herriarekin duen elkartasun konpromisoaren adierazgarri. Lurralde horretara bideratutako funts gehienak ekintza humanitarioko eta larrialdietako proiektuen bidez kanalizatu zituzten; guztira, 2.288.400 euro.
Euskadin, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako proiektuek 11.945.219 euro jaso zituzten, hau da, guztira erabilitako funtsen %13,03. Ekimen horien helburua da herritar kritikoak, solidarioak eta tokiko zein mundu mailako erronkei lotutakoak sustatzea. Arlo horretan, prestakuntza (%40,18) eta sentsibilizazioa (%33,74) izan ziren esku hartzeko estrategia nagusiak, hezkuntza ez-formaleko eremuetan garatutako jardueren presentzia bereziki handiarekin.
Garapenerako lankidetza izan zen, beste behin, euskal erakunde publikoen jarduera lerro nagusia, erabilitako funts guztien %61,57, hain zuzen ere. Ondoren, ekintza humanitarioa eta larrialdietakoa (%18,01) eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza Euskadin (%13,03).
Txostenak euskal lankidetza publikoak Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egiten dion ekarpena ere aztertzen du. 2025ean finantzatutako proiektuen artean, Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) egindako ekarpenik handienak 5. GJHra, genero berdintasunekoa (%30,92); 16. GJHa, bakeari justizia eta erakunde sendoei (%18,02) eskainitakoa; eta 2. GJHra, goserik ezari (%8,71) eskainitakoa.
Datuok erakusten dute euskal erakunde publikoek konpromiso sendoari eusten diotela garapen jasangarriko prozesuak laguntzeko, eskubideen defentsa indartzeko, bakea eraikitzeko eta krisi humanitarioek gogor jotako herritarrei babesa emateko.
Gardentasunerako erakundeen arteko ekimena
Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria hainbat erakunderen arteko ekimena da. Bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalek, Zarauzko Udalak eta Euskal Fondoa Euskadiko Tokiko Erakunde Lankideen Elkarteak. Ekimenak EHUko Hegoa Institutuaren laguntza eta aholkularitza ere baditu.
Tresna horri esker, bederatzi erakunde horiek 2014az geroztik sustatutako elkartasun ekimenen berri izan daiteke. Izan ere, erakunde horiek dira garapenerako lankidetzara, ekintza humanitariora eta larrialdietara nahiz Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzara baliabide gehien bideratzen dituztenak.
Izenburua: La cooperación vasca en cifras 2025 / Euskal lankidetza zenbakitan 2025 / Basque development cooperation in figures 2025
Egilea: Portal de la Cooperación Pública Vasca / Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria
Lekua eta data: Vitoria-Gasteiz, 2026
Hizkuntzak: Español, euskera, inglés
Infografiak: Español (1 y 2), euskera (1 eta 2)
