Euskal Lankidetza Publikoaren Atariaren txosten berriak Euskadiko erakunde publiko nagusiek 2023an lagundu dituzten nazioarteko lankidetza-ekimenei buruzko informazioa ematen du

Euskadiko garapenerako lankidetzako erakunde publikoek 1.299 ekimen lagundu zituzten iaz 65 herrialdetan. 83,6 milioi euro bideratu zituzten orotara, Euskadiko 238 GGKEk eta herrialde txiroetako 361 erakundek kudeatu zituztenak. "Euskal lankidetza zenbakitan 2023" txostenean jasota daude zifra horiek, eta txostena Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian argitaratuta dago.

Kontinente amerikarra izan zen funts-bolumenik handiena (% 51,65) jaso zuen eremu geografikoa. Ondoren, Saharaz hegoaldeko Afrika. Funtsen % 25,87 jaso zituen eta kopuru hori % 16,36 areagotu zen aurreko urtearen aldean.

Funts gehien jaso zituzten herrialdeak Guatemala, Kolonbia, El Salvador eta Peru izan ziren. Gizarte-eraldaketarako hezkuntza-proiektuak eta ukrainar errefuxiatuei laguntzeko ekimenak aintzat hartuta, Euskadi bosgarren hartzailea da zenbaketa orokorrean. 

Funtsen % 4,6 Palestinara bideratu zen, Gazako krisi humanitarioaren egoerara nagusiki. Orotara, 2,5 milioi euro baino gehiago bideratu ziren ekintza humanitarioko eta larrialdietako proiektuetara, Palestinako biztanleei laguntzeko. Libanora bideratutako funtsak (1.580.000 euro) herrialde horretan errefuxiatuta dauden Palestinako biztanleei laguntzeko proiektuei dagozkie.

Agenda 2030i egindako ekarpena, eta modalitateak

Euskadiko lankidetzako erakunde publikoek Agenda 2030i egindako ekarpena aztertzen du bigarren urtez txostenak. Garapen Jasangarriko Helburuetarako ekarpenik handienak 5. GJHra (genero-berdintasuna eta emakumea ahalduntzea), 16. GJHra (bakea, justizia eta instituzio sendoak) eta 10. GJHra (desberdintasunak murriztea) bideratu ziren. 

Guztizko 83,6 milioi euroetatik % 62,47 garapenerako nazioarteko lankidetzako ekimenak finantzatzeko izan zen eta, % 17,99, berriz, ekintza humanitarioko eta larrialdietako ekimenetara.

Funtsen % 11,88 Euskadiko gizarte-eraldaketarako hezkuntzako ekintzetara bideratu zen; nagusiki, prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren arloetan egindako proiektuetara.

Erakunde arteko gardentasun-ekimen bat 

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria garapenerako lankidetzaren arloan gardentasuna, harmonizazioa eta koordinazioa sustatu nahi dituen erakunde arteko ekimen bat da.

Eusko Jaurlaritzak – eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek; eta Euskal Fondoak bultzatu duten tresna bat da. Urte honetatik aurrera, baita Zarauzko Udalak ere.

2014az geroztik ematen ditu datuak, eta hasieratik jaso du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hegoa Institutuaren laguntza.


Izenburua: La cooperación vasca en cifras 2023 / Euskal lankidetza zenbakitan 2023 / Basque development cooperation in figures 2023
Egilea: Portal de la Cooperación Pública Vasca / Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria
Lekua eta data: Vitoria-Gasteiz, 2024 
Hizkuntzak: Español, euskera, inglés
Infografiak: Español (1 eta 2), euskera (1 eta 2)

 

Jaitsi
Cargando datos...